XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SETIENEN ATZETIK JAUREGI

AHAZKORRAK gara.

Baina, irakurle, memoria argitzera zatoz neregana.

Oso oker ez banago Jose Maria Setien gotzainak aipatu zuen lehen aldiz, Madrilgo Siglo XXI-an uste dut, euskaldunon arteko konstituzio-antzeko zerbaiten beharra.

Gogoratzen al zara nolako erantzun petralak jaso zituen ondoren?

Hemengo PSOEkoak ere ez ziren kamutsak izan.

Setienek esan zuen pentsatzen zuena eta argitu ere argitu zuen esan nahi zuena.

Eta isildu zen, epelak entzunda.

Jose Maria Setienen burubide hartaz eta ondorengo istilu haietaz ahazturik geundenean, Mario Onaindia eta Ramon Jauregi hasi zaizkigu, nola bata hala bestea, Ajuria-enea bidean trikitixa eta panderoa jotzen.

Trifasikoa zen Marioren aldi konstituziogilea: Konstituzioa, Estatutua eta HB eskuratzeko falta den dena delakoa.

Bost urrats, bost ekinaldi, bost zutabe ditu Jauregirenak: Estatutuaren errematea, elkarrekin adiskidetzea, Senatuaren erreforma, Europako erakundeetan parte hartzeko bideak eta Estaduarekin buruz-buruko harremanak eta elkarlankidetza.

Eta Ajuria-enea iristen bada, bi milagarren urterako consensus berri bat lortzen saiatuko litzateke Eusko Legebiltzarreko indar guztien artean, HB ere tartean dela.

Musika honek nere bihotza nola pozten duen ez dago sinesterik.

Autonomi-gurdiari beti traba jartzen aritu direnak, aurrera tiratzeko eta bultzatzeko intentzioan ikusteak poz haundia ematen du.

Baina jauregira bideko biribilketa liluragarria bakarrik ez ote da?

Ez-ohizko soinujoleari entzunik, are eta harrigarriago gertatzen dena?

Pozten gaitu bai; ez, ordea, txoratzen.

Biribilketa, biribilketa baita, jira eta bira ibiltzeko musika.

Letrarik ere ez duen musika, irrintzia eta oihua baizik.

Setienek aipatu zuen, lehen aldiz, euskaldunon arteko konstituzio-antzeko zerbaiten beharra.

Epelak entzunda isildu zen.

Baina orain Onaindia eta Jauregi hasi zaizkigu honelako zerbait eskaintzen.

Dena den, inori borondate onik ukatu gabe, guk geurea egin behar dugu.

Beren egitekoa Euskadira mugatzen den alderdi abertzaleak dira egokienak, herri hau osatu, aurreratu, hezurduratu, euskaldundu eta bere ingurunean eta Europan egoki kokatzeko.

Baina dauden bezala ez dute, ordea, beren eginkizunik beteko, ez hemen, ez Madrilen eta ez Brusselan.

Maok ez zuen arrazoirik, ez baita hark uste bezala, bitan banatzen dena, nahitaez, indartzen eta ugaltzen den.

EA eta EAJ bitaratutakoan baina parlamentari eta ordezkari gehiago biltzen zituen bakarrak.

Gaurko hiruek batera baino gehiago orduko bakarrak.

Abertzaletasun demokratikoa bideratu beharra dago, ezer egin nahi bada.

EE izkuta ez zedin Eusko Legebiltzarra 60tik 75era hazi zenean, hobe genuen EAJ zatitzeko ordez, EE gobernukide bihurturik legealdi hura sendotu izan bagenu.

Beste kuku bat entzungo genukeen gaur, seguruenik.

Baina badakigu zer porru-hazi egin ditugun eta egoera honetatik ateratzeko bideak sumatu behar ditugu.

Nolatan daukazue Fernando Buesa Hezkuntza Sailaren buru? galdetzen digute euskaltzaleek, belarriak gorritzeraino.

Nolatan daukazue Paulino Luesma Lan Sailaren buru? hasi zaigu galdezka ELA, orain.

Alferrik da negar egitea.

Besteri kontuak eskatzeak ere ez du balio.

Norberak ahalegindu behar du bere esparruan, bere inguruan, bere lagunartean.

Behean dagoen nahi eta ezin honi, bestalde, Jose Antonio Ardantza lehendakariak erantzun beharko lioke, noski.

Garai zailak ezagutu ditu gure lehendakariak; Madrilgo lehortea eta gure arteko haserre eta zatiketak.

Baina iraupen haundikoa denez, abertzaletasun demokratikoa biltzeari, adoretzeari eta gidatzeari ekin behar lioke.

Legealdi honen bukaeran horixe egiteko eta ondoko lau urteetan abertzaletasun hori sendotzeko bakarrik ere merezi du lehendakari izateak, nik uste.